Lau Haizetara
Lau Haizetara
Ainhoa Llona
Magazine honetan danetarikoa topauko dozue, informazinorako eta entretenimendurako. Era guztietako alkarrizketak: aktualidadekoak eta han hor hemenkako gai ezbardinen ganekoak, Bizkaian zeharrekoak, kultura arlokoak… Bestelako tarte bereziak be bai: eleiz gaiak, literaturea, Euskal Herriko Unibertsidadea etabar. Kolaboratzaileek be gai interesgarriak jorratzen ditue astero: Edorta Unamuno (Urdaibai Bird Center), Agus Barandiaran (munduan zeharreko folk musikea)... Informazinoa eta entretenimendua ordu bitan zehar. Gugaz bat egin gura badozu [email protected] helbidea dozue erabilgarri.
Ekitaldiak zestapunta, musikea eta bertsolaritzea batuko dauz, Bilboko musikagileak kirol horren zabalkundean egindako ekarpena eskertzeko
Kepa Junkera musikariari omenaldia egingo deutsie bihar, urriaren 17an, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Ekitaldiak zestapunta, musikea eta bertsolaritzea batuko dauz, Bilboko musikagileak kirol horren zabalkundean egindako ekarpena eskertzeko. Eguerdiko hamabietan hasiko da, Bizkaiko Zestapunta txapelketako partidu bategaz, eta trikitilariak, txistulariak, pandero-joleak, dantzariak eta bertsolariak be izango dira bertan. Omenaldiaren une berezietako bat Kepa Junkerari eskainitako oroigarria izango da: Jose Angel Uberuaga "Ube" eskultore eta zestapuntalariak sortutako eskultura baten irudia jasoten dauan lana emongo deutsie. Uberuagak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, Junkerak urteetan zestapuntari ikusgarritasuna emon deutso, eta bere musikearen bidez gazte asko hurreratu dira kirol horretara. Omenaldiaren bitartez, eskerrak emon eta zestapuntaren eta musikearen arteko lotura indartu gura dabe.
Oct 16
1 sec
Familiek bertoko produktuak erabili eta umeei elikadura osasungarria erakutsi gura deutsie
Berango-Merana eskolako guraso alkarteak Elikadura Iraunkorraren Astea antolatu dau, elikadura osasungarria sustatzeko eta eskolan sukalde propioa izateko aldarrikapena indartzeko. Izan be, eskaerea behin baino gehiagotan onartu arren, proiektua ez da gauzatu. Maritxu Arroyo guraso alkarteko kideak azaldu dauenez, helburua ez da janaria bertan prestatzea bakarrik; jantokia espazio pedagogiko bihurtzea be bada. Familiek bertoko produktuak erabili eta umeei elikadura osasungarria erakutsi gura deutsie. Aldarrikapena zabaltzeko, ‘Geure bazkarie’ izeneko bideoklipa sortu dabe, abesti propioagaz. Eskola komunidadeak, inguruko baserritarrek eta herriko saltokiek parte hartu dabe, sukalde propioak umeen osasunean eta tokiko ekonomian izango leukezan onurak erakusteko.
Oct 15
2 sec
Ekintzaile izateko prestutasuna handitzen dabil, batez be, gazteen artean
Euskadiko ekintzailetzak goranzko joerari eusten deutso azken urteotan, baina Espainiako eta Europako batez bestekoaren azpitik dago hondino. Halan azaldu dau Iñaki Peña Euskal Ekintzailetzaren Behatokiko kideak Lau Haizetara irratsaioan. Ekintzaile izateko prestutasuna handitzen doa, batez be gazteen artean, baina genero-arrakalak eta porrot egiteko bildurrak oztopo izaten jarraitzen dabe. Peñaren arabera, ekintzailetza sustatzeko, ezinbestekoa da finantzaketa eskuratzea erraztea eta aukera bardintasuna bermatzea. Horrez gain, adimen artifizialak eta teknologia barriek negozioak sortzeko eta kudeatzeko aukera barriak eskaintzen dabez. Halanda be, ekosistema ekintzaile inklusiboagoa eta lehiakorragoa garatzea izango da Euskadik datozen urteetan izango dauen erronka nagusietako bat. Pasa dan astean aurkeztu eben Euskal Autonomia Erkidegoko GEM (Global Entrepreneurship Monitor) 2025-2026 txostena, Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak egindakoa.
Oct 15
8 sec
500.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu lehen urtean
Elhuyar Zientzia euskarazko hedabide digitalak urtebete bete dau, eta ordutik komunikazino zientifikoko proiektu sendo lez finkatu da. Len urte honetan 500.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu. Garazi Andonegi atariko arduradunak balantze positiboa egin dau, zientzia eta teknologia euskaraz gizartera hurbiltzeko helburuagaz. Osasuna da erabiltzaileen artean interes gehien pizten dauan gaia, baina ingurumenak, bardintasunak eta biologiak be jarraitzaile ugari daukiez. Hedabideak hainbat formatu eskaintzen ditu, besteak beste, albisteak, bideoak, podcastak eta adituen iritzi-artikuluak. Horrez gain, itzulpen automatikoa eta testuak entzuteko aukerea eskaintzen dauz, edukiak herritar gehiagorengana heltzeko. Aurrera begira, adimen artifizialagaz lotutako tresna barriak lantzen dabilz, euskarazko dibulgazino zientifikoa indartzeko asmoz.
Oct 13
15 sec
Erakusketearen ardatzak baserriko lanak, garai bateko lanabesak eta belaunaldiz belaunaldi transmitidu diran berbak eta ezagutzak dira
Baserriko lanak, garai bateji lanabesak eta belaunaldiz belaunaldi transmitidutako berbak eta ezagutzak dira Galdakaoko Torrezabal kultur etxean ikusgai dagoan Baserriko lanen eta lan-tresnen izena eta izana erakusketearen ardatzak. Gorane Intxaurragak atondu dau erakusketea, bere etxean gordetako tresnak eta inguruko beste baserri batzuetatik batutako piezak bilduz. Europako Ondarearen jardunaldien barruan antolatutako proposamen honek baserriko bizimodua ezagutzeko erea emoten dau, lurra lantzeko lanabesetatik hasi eta sukaldean, etxe barruan edo ganaduagaz lotutako zereginetan erabilitako tresnakaz jarraituz. Erakusketearen helburua, baina, ez da objektu zaharrak erakustea bakarrik; tresna horren izenak, erabilerak eta eurekaz lotutako ezagutza be berreskuratzea da. Intxaurragak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, erakusketearen alderdi garrantzitsuenetako bat hizkuntzea eta ahozko ondarea dira. Izan be, tresna askoren izenak eta erabilerak ezezagunak dira gaur egungo belaunaldientzat. Bere esanetan, antxinako berbak, esamoldeak eta ohiturak galtzen joan daitekez, ez badira jasoten eta ondorengoei transmitiduten. Horregatik, nagusiei euren bizimoduaren, lanen eta erabilitako tresnen inguruan galdetzea eta jasotako informazinoa gordetea garrantzitsua dala nabarmendu dau Gorane Intxaurragak. Baserriko lanen eta lan-tresnen izena eta izana erakusketaz gain, Galdakaoko Udalak inguruko landareak eta ondare naturala ezagutzeko proposamenak be eskainiko dauz urrian zehar, Gorka Menendez etnobotanikako doktore eta ikertzaile galdakoztarraren eskutik. Era berean, Andra Mari elizara bisita bi be egingo dira urriaren 17an (gaztelaniaz) eta 24an (euskeraz), Jesus Muñizen eskutik.
Oct 11
9 sec
Arrazakeria eta xenofobia dira gorroto-delituen motibazino nagusiak Euskadin
Aurreiritziek, arbuioak edo etsaitasunak eraginda, desbardintzat hartzen diran pertsonen edo kolektiboen kontrako delitu-jokabideak dira gorroto-delituak. Delitu honeek bere horretan jarraitzen dabe Euskadin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak argitaratutako azken txostenak erakusten dauzan datuen arabera. 2025ean %18 murriztu ziran Ertzaintzak gorroto-delitutzat erregistrau ebazan intzidentziak Euskadin (2025ean 193 kasu; 2024an, barriz, 236). Arrazakeria eta xenofobia izan ziran motibazino nagusiak, sexu-orientazino eta identidadeagaz lotutakoen aurretik. Jon-Mirena Landa EHUko Zuzenbide Penaleko katedradunak Lau Haizetara saioan zehaztu dauanez, datu horreek ez dira zuzenean gorroto-delituen kopurua. Poliziak atzemondako gertakariak dira, eta ostean Fiskaltzak eta epaileek zehaztu behar dabe deliturik egon dala ala ez. Poliziak jasotzen dauzan estadistikek, fenomenoaren argazki bat baino ez dabe erakusten. Ganera, gorroto-delituen "zifra baltza" oso handia izan daiteke, Landaren eretxian. Azaldu dauanez, hamar gertakaritik bakarra identifikatu daitekela kalkuletan da. Horregaitik, estadistikek gora egiteak ez leuke zertan esan gura delitu gehiago egiten diranik, hobeto detektatzen dirala baino. Gorroto-delituen kontrako borrokan daukaguzan erronken inguruan galdetuta, Zuzebide Penaleko katedradunak argi esan deusku gorroto-delituen kontrako borroka ez dala zuzenbide penalera mugatu behar. Diskriminazinoaren aurkako legeak, administrazinoaren esku-hartzeak, zehapenak eta prebentzinoa lehenago aktibau beharko litzatekez. EHUko Kultura Zientzifikoko Katedrak antolatuta, Jon-Mirena Landak gorroto delituen inguruko berbaldia eskaini eban joan dan urriaren 2an, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan, Gorroto-delituak Euskadin: kontzeptua eta gaurko errealidadea izenburupean.
Oct 10
4 sec
'Kuba: blokeo genozida gelditu!' lelopean ospatuko da 'Kuba Eguna'
Urriaren 10ean, zapatuan, Kuba Eguna ospatuko da Bilboko Errekalde auzoan. Euskadi-Cuba alkarteak antolatutako jardunaldiak, 'Kuba: blokeo genozida gelditu!' izango dau lelotzat, eta Kubako gaur egungo egoerearen inguruko kontzientzia zabaltzea eta alkartasuna bideratzea izango dira helburu nagusiak. Tony Merlan Euskadi-Cuba alkarteko kideak Bizkaia Irratian adierazo dauanez, gaur egun oso gatza da Kuban bizitzea. Argindarraren hornidurea da arazo nagusietako bat. Azaldu dauanez, herritarrek egunean zehar bi ordu inguruko argindarra izan leikie, baina "ez dakizu zein ordutan izango dan". Horrek eragin zuzena dauka eguneroko bizitzan. Argindar falteagaz gain, inflazinoaren eta pobreziaren gorakadea be nabarmendu dau Merlanek. Osasunaren arloari jagokonez, gaur egun egoerea tamalgarria da. Bere esanetan, haurrren heriotza-tasak gora egin dau, eta botiken faltea be arazo larria bihurtu da. Euskadi-Cuba alkarteak martxan daukazan alkartasun-kanpainen barruan, Habanako William Soler Ospitale Pediatrikoari laguntzeko lehen fasea gauzatu da. Maiatzera arte, ia 240.000 euro bildu dabez eguzki-energiako instalazinoak erosteko. Orain, bigarren fasean, eguzki-panel barriak erostea da helburua, ospitaleko beste eremu batzuetan jartzeko. Argindarraren hornidurea bermatzen laguntzea gura dabe. Tony Merlanek AEBetako gobernuak Kubaren kontra ezarritako neurriak be aitatu dauz, eta azkenaldian garraioaren arloan jarritako murrizketen ondorioak salatu dauz. Bere esanetan, Karibeko inguruko portuetan milaka edukiontzi dagoz Kubara heldu ezinik, eta horrek egoera are gehiago zailtzen dau. Testuinguru horretan egingo da Kuba Egunaren 4. edizinoa. Urriaren 10ean, egun osoan zehar, umeentzako jarduerak, Kubako kirolak, beisbol bateorako tunela, domino eta bestelako ekintzak izango dira Errekaldeko plazan. Kubako dantzak eta musikea be izango dira. Egunaren beste helburuetako bat alkartasuna bideratzea izango da. Emakumeentzako material higieniko-sanitarioa batuko da.
Oct 9
24 min
Atzerritartasun, Harrera eta Integrazino Zuzenbidearen gaineko Kongresua Euskalduna Jauregian
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Ongizate eta Erronka Demografikoko sailburuordeak integrazinoan ipini dau fokoa, beragaz eukitako kontualdian. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak antolatuta, Atzerritartasun Harrera eta Integrazino Zuzenbidearen Nazilnoareteko I. kongresua egiten dabilz Euskalduna Jauregian. Legarretak esan deusku migratzaileei harrera ona eta egokia egitea oso garrantzitsua dala, baina integrazinoan dagoala gakoa, horretan ahalegin handia egin behar dala. Migratzaileak gizatiartu beharraz be egin deusku berba, multzo moduan hartzen ditugulako, baina euren artean amets eta proiektudun pertsonak dagozala: gizonak, emakumeak, umeak... perfil ezbardinetako jentea, beharrizan ezbardinekin. Bagilean onartu zan Migrazino eta Asilorako Europako Ituna, eta orain inplementazinoaren txandea da. Legarretaren arabea, horretan argibideak falta ditue Espainiako gobernuaren aldetik. Biltzar honetan ezagutza partekatua sortzen ahaleginduko dira, ezagutza horretatik abiatuta administrazinoetara eta erakunde eskudunetara ailegetako moduko proposamenak egiteko. Era askotako 700 pertsona inguru dabilz parte hartzen: administrazino publiko eta migrazinoetako arduradunak, etorkinei laguntzen deutsien gizarte-erakundeak eta alkarteak, unibertsidadeak, ikertzaileak, arlojo juridikoko profesionalak, enplegu, prestakuntza eta hezkuntza-arloetako eragileak eta abar.  
Oct 8
10,8 milioi euroko abal publikoak emon dira, 82,9 milioi euro mobilizatuz hipoteka-maileguetara
Eusko Jaurlaritzako GazteAval programak 474 gazteri lagundu deutso lehen etxebizitza erosten. Guztira, 10,8 milioi euroko abal publikoak emon dira, eta horri esker, 82,9 milioi euro mobilizatu dira hipoteka-maileguetan. Programak gazteen emantzipazinoa erraztea dau helburu, etxebizitza erosteko behar dan aurrezkiaren oztopoa gainditzen lagunduta. Izan be, Jaurlaritzaren arabera, etxebizitza bat erosi gura dauen personak, batez beste, 45.800 euro inguru behar dauz aurrezki moduan. GazteAvalek gainera, Eusko Jaurlaritzak Emantzipa eta beste neurri batzuk be lantzen dauz gazteen emantzipazinoa bultzatzeko. Gazteria eta Emantzipazioko zuzendaria dan Adrian Lopezek Lau Haizetara saioan azaldu dauenez, helburua gazte gehiagori euren bizitza-proiektu personal eta profesionalak Euskadin garatzeko aukerea emotea da.
Oct 2
1 sec
Berbaldiak, ikasleakaz topaketak, bertsoak, Naukas saioak, umeentzako tailerrak... izango dira
Passion for Knowledge (P4K) Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak antolatzen dauan nazinoarteko zientzia jaialdia da. Irailaren 28tik urriaren 3ra seigarren edizinoa egingo da Bilbon eta Donostian. Jaialdiak sei Nobel saridun, bost Asturiasko Printzesa saridun eta nazinoarteko beste izen handi batzuk alkartuko dauz, helburu honeekaz: ezagutza herritarrei hurreratzea, pentsamendu kritikoa eta jakin-mina sustatzea, eta zientzia gure kulturaren funtsezko zatia dala aldarrikatzea. Hitzaldiak, ikasleakaz topaketak, Naukas saioak, bertsolaritzea, umeentzako jarduerak, aurkezpenak... Publiko guztiarentzako jarduerak egongo dira. Aurtengo parte-hartzaileen artean dagoz Anne L´Huillier 2023ko Fisikako Nobel sariduna, Brian Schmidt 2011ko Fisikako Nobel sariduna, Wolfgang Ketterle 2001eko Fisikako Nobel sariduna eta Jean-Marie Lehn 1987ko Kimikako Nobel sariduna. Eurekaz batera, Siri Hustvedt idazlea, Marcus du Sautoy matematikari eta dibulgatzailea, Juan Ignacio Cirac fisikaria eta Ana Zubiaga Jakiundeko lehendakaria be izango dira. Gaiak be askotarikoak izango dira: fisika kuantikoa, unibertsoaren hedapena, biodibertsidadea eta klima-aldaketa, minbiziaren ikerketa, adimen artifiziala, neurozientzia edo giza eboluzinoa. Nora Gonzalez DIPC-eko Dibulgazino eta Komunikazino arduradunak azaldu dauanez, Donostiako Victoria Eugenia izango da egoitza nagusia, baina Bilbok be hitzordu garrantzitsuak hartuko dauz. Esaterako, urriaren 1ean, goizean, Bizkaia Aretoan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek Albert Fert, Eva Nogales eta Marcus du Sautoy adituakaz aurrez aurre egoteko aukera izango dabe. Egun berean, 18:00etan, Wolfgang Ketterlek fisika kuantikoari buruzko berbaldia eskainiko dau Bilboko Guggenheim Museoan. Passion for Knowledge jaialdiko jarduerak doakoak dira, baina hainbat saiotan aurretiz izena emon eta lekua erreserbatu behar da: p4k.dipc.org webgunean.
Sep 28
Load more