Herriz Herri
Herriz Herri
Ainhoa Llona eta Oihane Irazu
Astero lantzean herri batetik egindako irratsaioa. Urte osoan zehar Bizkaia Irratiak Bizkaiko herriren batera urteten dau irratsaioa egiten. 11.00etatik 13.00etara egiten, lantzean herri batetik, bertako herritarrek protagonista dirala: udal ordezkariak, herriko ospetsuak, alkarteetako kideak, eragileak…
Herriz Herri Orozkon
Maiatzak 25, azoka eguna Orozkon. Azpigorri ahuntzen lehenengo txapelketea egin da. Txapelketaz gain, Euskal Herriko arraza autoktonoen erakusketea, plazakoa eta produktuen dastaketea be antolatu dira. Bizkaia Irratiko Herriz Herri saioa bertan izan da. Izaskun Gaztelu eta Zaloa Ramos zinegotziakaz udalerriko gorabeherak aztertu doguz. Joritz Arbaiza baserritar gazteak ahuntz azpigorrien ganean egin deusku berba. Juan Ignazio Olabarria eta Laura Laumen-ek kontakizun bitxia egin deuskue. Laura alemaniarra da, orain urte batzuk oparitu eutsien pottoka bat dauka eta orain Alemaniatik hona etorri da, oinez, Jalgi bere pottokeak kumea eukitea nahi dauelako. Juan Ignazio Olabarriak pottokak daukaz eta bere ar bategaz eukiko dau kumea. Kirol arlokoak be jorratu doguz Orozkon. Unai Iriondo, Ezker Pareta pelota alkarteko kideak esan deusku kirol hori pil-pilean dagoela herrian. Aitor Santa Cruz Atxulaur futbol taldeko kapitaina urduri etorri jaku Lehentasunezko mailara igoteko promozino partiduaren bezperan. Aitor Intxaurraga Orozkoko artisteak zelako margolanak egin dituan eta bere 40 urteko ibilbidea azaldu deuskuz. Eta Iker Atxa izan da gure gidaria Orozkoko museo ederrean.    
May 27, 2024
23 sec
Unai Iriondo: "Ezker pareta torneoaren 6. edizinoa da Orozkon egiten doguna eta harrera ezinhobea izan dau"
Herri Herri Orozkora joan da azokaz disfrutetako eta herria gehiago ezagutzeko. Kirol munduan sartuko gara, hasteko behintzat pelota kontuetan. Orozkon badago Ezker Pareta izeneko alkarte eta torneo bat. Bertako kidea eta entrenatzailea da Unai Iriondo, eta geure mikrofonoetatik pasau da honen inguruan berba egiteko.
May 25, 2024
15 sec
Maier kooperatibearen egoitza nagusia Ajangizen dago
Ajangizen dagoan Maier kooperatibak 50 urte bete dauz. 1973. urtean sortu zan eta plastizkoko piezak egiteko moldeak ekoizten hasi ziran elektrogailuen mundura bideratuta, besteak beste, Fagor-en babesean. 80ko hamarkada amaieran, baina, automobilgintzarako saltoa emon eta gaur egun automobilgintzarako plastikozko pieza apainduak ekoizten dabez, hainbat teknologia erabilita. Maier "Europan liderra da plastikozko pieza dekoratu eta funtzionaletan" esan deusku Koldo Kortabitarte presidenteak. Maier taldeak 2.500-2.600 behargin inguru daukaz mundu osoan zehar banatutako lantegietan. 90eko hamarkadan hasi eban kanpoko hazkundea. Une honetan, Euskadin eta Nafarroan ezeze, Galizian, Europako hainbat herrialdetan, Indian, Txinan eta Mexikon be badago Maier. Gehienak lantegi produktiboak dira, baina salmenta delegazinoak be badaukiez, esaterako, AEBetan eta Japonian. Ajangizen daukiezan eraikin bietan -lantegia eta Maier Technology Center-, gitxi gorabehera, 1.000 pertsonak egiten dabe lan, gehienak eskualdekoak. "Automozinoan hasi ginenean, momentu baten ekoizleak bakarrik izan ginan baina bai ikusten genduan aukera bat egoala salto bat emoteko eta salto hori izan zan zentro teknologiko bat montatzea, Garapenerako eta Ikerketarako zentro bat. Horrek bezeroenganako beste salto bat emoten gaitu eta egia esanda momentu horretatik hazkunde itzela izan gendun" azaldu deusku Maierreko presidenteak. Mondragon Korporazinoa taldearen parte izatea edota eraldaketa soziala bultzatzeko Maierrek parte hartzen dauan ekimenetaz be egin dogu berba Koldo Kortabitartegaz Herriz Herri saioan.    
May 17, 2024
1 sec
Ajangizko egoera orokorra aztertu dogu Koldo Carbonell alkateagaz
Herriz Herri saioan Ajangizen egon gara asteon, Kultur Etxean. Jaietan bete-betean morgilduta harrapau doguz ajangiztarrak. Maiatzaren 5ean hasita, San Asentzioak eta San Isidroak ospatzen dabilz Ajangizen. Maiatzaren 26an egingo dan XV. Mugari Bira martxeagaz emongo deutse amaierea aurtengo jaiei. Jaiei buruz berbetan hasi gara Koldo Carbonell alkateagaz. Tradizino bihurtu diran ekintzak eta nobedadeak buztartzen dabezan jaiak dirala azpimarratu deusku herriko agintari nagusiak. Hortaz ganera, udalerriaren egoera orokorra be aztertu dogu beragaz. Ajangizko Udalak 810.000 euroko aurrekontua dauka aurtengo. Udaletxeko teilatua erabarritzea, Urruti baserria udal eraikina egokitu, eta klima aldaketeari aurre egiteko ekintza batzuk izango dira 2024ko proiektu nagusiak. Energia arloan, eguzki plakak jarriko dabez udaletxeko teilatu barria egiten dabenean eta hortik lortutako energia udal eraikinak hornitzeko erabiliko dabela zehaztu deusku. Ajangizen, ganera, energia komunidade bat sortzeko pausoak emoten dabilzala be aitatu deusku Koldo Carbonellek. Udalaren helburua "komunidade energetiko horrekin energia barriztagarrien sorkuntzan eta kudeaketan jentea trebatzea" dala azaldu deusku. Garraio zerbitzuaz be egin dogu berba. Urdaibako eskumaldeko udalerriak (Ajangiz, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Ea, Ereño, Elantxobe, Ibarrangelu, Mendata, Nabarniz, Sukarrieta eta Kortezubi) gaur egungo Bizkaibus zerbitzua aztertzeko lanetan dabilz Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio sailagaz batera. Carbonellen esanetan, linea desbardinak dira, arazo desbardinak dira. "Hemen badago behar handi bat Gernikara joateko, taxi partikularrakaz ibilten dira" esan deusku Ajangizko alkateak.    
May 16, 2024
Herriz Herri Ajangizen
Maiatzak 15 gaur, San Isidro eguna, baserritarren eguna. Bizkaiko hainbat herritan jai giroan ospatuko dabe gaurko eguna. Herriz Herri saioa Ajangizen egon da. Busturialdeko udalerri honetan hamaiketako herrikoia egiten dabe San Isidro egunez. Koldo Carbonell alkatea, Maier kooperatibako Koldo Kortabitarte, Gernikazarra historia taldeko Alberto Zarrabeitia, Aista landetxeko Nora Urbaneja eta Fran Bermeosolo konbidadu doguz Ajangizko Herriz Herri saiora. Danetarikoa landu dogu saioan zehar: udal gorabeherak, arlo sozioekonomikoa, historia, herriko proiektu barriak... Bizkaia Irratia Bizkaia osoa ezagutzen dabil apurka apurka, astero herriren batetik zuzenenean saioa eginda. Asteon Ajangiz ezagutu dogu.
May 15, 2024
70. hamarkadara arte ustiaketak egiten ebezan Mañariko Angurreta harrobian
Mañariko Aldebaraieta auzoan dago Angurreta harrobia. 1970eko hamarkadara arte ustiaketak egiten ebezan. Gaur egun, baina, arte espazio lez berreskuratzen dabilz, eta artelan modernoak erakusten dabez. Durangaldeko artista batzuen ekimenez, Mañariko Angurreta harrobiari bigarren bizi bat emon eutsen 2021ean, eta Angurreta Harrobia arte espazioa sortu eben bertan. Momentu honetan Tadanori Yamaguchi artista japoniarraren Denboraren aztarnak erakusketea bisitau daiteke. Victor Arrizabalaga margolari eta eskultore mañariarrak Herriz Herri saioan azaldu dauanez, harrobi hau erabarritzeko proiektuari 2018. urtean ekin eutsen. "Guri iruditzen jaku praktika artistiko barrientzako oso leku egokia dala harrobi bat: instalazinoak egiteko, performanceak egiteko, musika garaikidea... Ohiko espazioetan, museoetan eta galerietan, oso zaila da esperimentatzea. Harrobia, ordea, oso aproposa da esperimentatzeko eta gauza barriak planteatzeko. Eta baita natureagaz konektatzeko be". Arrizabalagak gaineratu dauanez, holako espazio baten falta egoan eskualdean eta Euskal Herri osoan. "Guk dakigula ez dago holako espaziorik Euskal Herri osoan". Mañariko harri lorategia deitzen deutse.    
May 10, 2024
Bizkaiko dultzaineroak omentzeko aurten egingo diran omenaldietako lehenengoa izango da Mañarikoa
Bizkaiko Dultzaineroak, Mañariko Udalak eta Gerediaga Udalak alkarlanean, Juan Bilbao Ortuoste dultzainero mañariarra omenduko dabe domekan, maiatzaren 12an. Ekimena Bizkaiko dultzaineroak omentzeko aurten egingo diran omenaldietako lehenengoa izango da. Juan Bilbao Ortuoste 1905. urtean jaio zan Mañariko Ortuoste baserrian. Artzaina ofizioz, autodidaktika izan zan. Urte askotan bere lehengusu Fermin Ortuostegaz ibili zan duoan, eta eurekaz batera, Dionisio eta Txomin anaiek atabala jotzen eben. Denbora batez dultzaina jo barik egon ostean, 70eko hamarkadan barriro hasi zan jotzen. Orduan Karmelo semeak laguntzen eutsan atabalagaz. Zahargaztiek musika taldea be sortu eban beste lagun batzukaz batera. Juan Bilbao 1991. urtean hil zan. Juanen semea, Karmelo Bilbao eta Jon Gaminde Bizkaiko Dultzaineroak alkarteko kidea alkarrizketau doguz Herriz Herri saioan. Gureak gogoan, katea ez hausteko ekimenagaz, Bizkaian gaitari balioa emotea gura dabe. Gaita-dultzainero esanguratsuak izan ziran herrietan erakusketak eta omenaldiak antolatuko dabez, euren lana ezagutzera emoteko. Omendutako musikarien errepertorioetako piezen bertsino eguneratuak interpretauko dabez, eta batzutan bakarka edo beste batzuetan akordeoi edota metalezko banda-instrumentakaz lagunduko dabez. Juan Bilbao mañariarraz gain, Patxi Bilbao, Juan Aiesta edota Teofilo Maruri omenduko dabez datozan asteetan. Gureak gogoan, katea ez hausteko omenaldiak Bizkaian Mañaria (maiatzak 12)    JUAN BILBAO ORTUOSTE Dima (bagilak 01)    PATXI BILBAO ETXEBARRIA Bedia (bagilak 16)    JUAN AIESTA URKIDI Aulestia (bagilak 24)    TEOFILO MARURI "Pio Maruri" "Zesterue" Zalla (abuztuak 01)    LUCAS SAINZ GOMEZ "Matxakito" Zeanuri (abuztuak 15)    BASILIO eta ENRIKE ETXEBARRIA Usansolo (urriak 26)    SIMEON IRAGORRI IZAGIRRE  
May 10, 2024
Herriz Herri Mañarian
Bizkaia Irratia Bizkaia osoa ezagutzen dabil apurka apurka, astero herriren batetik zuzenenean saioa eginda. Herriz Herri saioetan danetarikoa lantzen da: udal gorabeherak, herrirako proiektuak, alkarteen zeregina, arlo sozioekonomikoa, kulturea, kirola, herriko pertsona ospetsuak… Ezagutu Bizkaiko herri ezbardinak Herriz herri saioekin. Asteon Mañarian egon gara. Paraje politak bisitau geinkez Durangaldeko herri txiki honetan: harrizko hatx handiak, pago nahiz arte basoak, hezeguneak edota mendi larreak, besteak beste. Ainara Otxotorena, Karmelo Bilbao, Jon Gaminde, Jon Arzubia, Laura Solgaistua eta Victor Arrizabalagaren eskutik Mañariko arlo diferenteak ezagutu doguz Herriz Herri saioan.
May 10, 2024
Ainara Otxotorena Mañariko alkateak herriaren gorabeherak azaldu deuskuz Herri Herri saioan
Mañarira hurreratu da asteon Herriz Herri saio ibiltaria. Urkiolako Parke Naturalaren barruan, Mañariak 123 hektarea daukaz parkearen barruan. Parkeko herri guztien artetik, Mañaria da bigarrena lurzoru aldetik. Habitat aberastasuna dauka Durangaldeko udalerri hone: harrizko hatx handiak, pago nahiz arte basoak, hezeguneak eta mendiko larreak, besteak beste. Mañariak Abadiño, Izurtza eta Dima daukaz mugakide. 500 biztanletik gora bizi dira. Ainara Otxotorena irakaslea eta politikaria 2023ko ekainaren 17an izentau eben Mañariko alkate bigarrenez, 2023ko udal hauteskundeen ondoren, EH Bildu koalizinoaren hautagaitza gailendu ostean. Herri txiki baten alkatea izateak dakarzan gorabeherak azaldu deuskuz beste hainbat kontuen artean Herriz Herri saioan.
May 9, 2024
BAM-en 75. urteurrenaren harira, 'Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen' liburua kaleratuko dabe bagilean
BAM Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsidade eskoleak 75 urte bete dauz. 1948. urtean sortu zan. 2023/24. ikasturtean zehar urteurreneko ekitaldi diferenteak egiten dabilz. Jone Ozerinjauregi BAMeko zuzendariak Bizkaia Irratian azaldu deuskunez, ospakizunak udagoienean hasi ebezan, eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako Graduatuen XI. promozioaren graduazino ekitaldiagaz. Hortaz ganera, Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen liburua prestetan dabilz eta ekitaldi instituzionala bagilaren 20an ospatuko dabe. Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen liburuari jagokonez, bagilaren 6an aurkeztuko dabe. Gizarte, heziketa, zientzia... arloko hainbat eragilek heziketearen inguruan egindako gogoetak jasotzen dauz liburuak. Pello Ulazia BAMeko irakaslea da egileetariko bat. Hezkuntza estetikoa eta artearen begiradaz idatzi dau. Ulaziak eta Leire Garamendi BAMeko zuzendariordeak Etorkizuneko hezkuntza ehuntzen liburua aurkeztu deuskue Herriz Herri saioan.
May 3, 2024
Load more