
EHUk, EHu-iBio izeneko zentroa sortuko dau. Pertsona, animali eta landareen osasunean ingurumenak daukan eragina aztertzea da helburua. Aurreko astean iragarri zan zentru honen sorrerea. EHUren Gobernu Kontseiluak aho batez hartu eban erabagia. Urtebete inguru egin dabe honakoa bultzatzen. Ehun ikertzaile baino gehiago egongo dira Leioako Kanpusean dagoan Maria Goyri izeneko eraikinean lanean. Zientzia eta Teknologia Fakultadea, Medikuntza zein Erizaintzako fakultadeetako ikertzaileak izango dira. Euren arteko alkarlana azpimarratu da. Aipatzekoa, ikerketa-taldeen arduradunen %70 emakumeak direla. EHU-iBio zentroan, One Health edo Osasun Bakarra izeneko nazinoarteko ikuspegitik egingo dabe lan. Iratxe Zarraonaindia, zentruko zuzendariordea da eta berak azaldu deusku ikerketea era integralean egitea suposatzen dauala horrek, arlo guztiak ikertuz.
Aldaketa klimatikoaren eragina
Esan behar, ingurumenak eragin handia izan leikela pertsonen, animalien eta landareen osasunean. Bizitzen ari garen aldaketa klimatikoak daukan eragina ikertuko dabe zentro barrian. 13 ikerketa-talde finkatuko dira eta danetariko taldeak osotu dira. 29 ikertzaile nagusi egongo dira taldeetan. Iratxe Zarraonaindia bera be badago taldeetariko baten. Bere ikerketea zein dan azaldu deusku. Besteak beste, mahastietan erabiltzen diran pestizidak eta erleak dira bere ikerketan ardatz nagusia.
Jul 24

Madalen Eguna ospatuko da gaur Bermeon, Elantxoben eta Mundakan. Ohikoa izaten da gaurko egunez itsas erromeria egitea. Bermeon urtengo dau honek. Izaro uhartean geldialdia egin eta teila botako dabe. Ostean Elantxobera joko dabe, eguna bertan igaroz. Arratsaldean, Mundakara abiatuko dira eta jaia Bermeon amaituko da iluntze-gau partean.
Ohitura honen jatorria, Izaro uhartearen jabetzaren ingurukoa zala aipatzen da. Bermeo eta Mundakaren arteko estropada bat egin zala aipatzen da eta Elantxobe izan zala epailea. Aingeru Astui bermeotarrak, Arrantzaleen Museoko zuzendaria izan zanak gaur azaldu deuskunez ez zan holakorik gertatu. XV. mendean kokatzen dau Astuik jai honen jatorria. Komentua egin eben sasoi hartan Izaron eta orduan hasi ei zan mugak izendatzeko ohiturea. Komentua 1719. Urtean desagertu zan baina ohiturea mantendu egin zan, bazkari bat eginaz bide batez. Elantxobera joaten XIX. Mende amaieran edo XX. Mende hasieran hasi ziran. Eta Izaron teila botatea, gerra ostetik datorren ohiturea da Aingeru Astuiren arabera. Arabiar estiloko teila izaten da eta erabilitakoa izan behar da. Aurten, honakoa Benito Barrueta Arte Alkarteak diseinau dau. Alkarte honetako Rosa Mari Gabantxok margotu dau.
Omenaldiak
‘Alkartasunien ospatuz’ izena jarri deutse. Bermeoko lau talde omendu gura dabez euren urteurrenak ospatzen dabez eta; Alkartasuna dantza taldeak 50 urte bete dauz, Erraldoien Konpartsak 20 urte, Bermeoko Abesbatzak 70 eta Benito Barrueta alkarteak 75. Aurten bestalde, Hilario Aurtenetxe Mentxakaren aldeko omenaldia be izango da 11:30tan Bermeon. Bera izan da azken 40 urteetan, gaurko egunez Bermeoko bandera eta ikurriña Izaron jarri dauazana. Merezitako omenaldia jasoko dauala esan deusku Aingeru Astuik. Itsas zeharkaldia eguerdiko 12ak aldera hasiko da Bermeon. Izaron geldialdia egin ostean, Elantxoben, aginte makila emongo deutso hango alkateak Bermeokoari.
Jul 22

Abian da Joan Mari Torrealdai Bekaren hirugarren edizinoa. 2020. Urtean Usurbilen hil zan Joan Mari Torrealdai, Forun jaiotako idazle, euskaltzain, kazetari eta soziologoa. Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazinoak erabagi eben beka hau sortzea. Urte birik behin emoten dabe. Jakinetik, Haritz Azurmendik azaldu deusku zelan sortu zan eta zein dan helburua. Usurbilgo Udala izan zan Jakinegaz harremanetan jarri zana. Torrealdaik itzitako ondarea mantendu beharra ikusita, bekea sortzea erabagi eben. Orain arteko edizino biak arrakastatsuak izan dira. ‘EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean’ proiektuak irabazi eban azkenengo bekea. Auzolanean antolatzen dan Euskal Herria Zuzenean ekimenaren ganekoak azaltzen dabez podcast baten, liburu baten eta dokumental baten. Azken hau urte amaierarako egongo da.
Urriaren 26ra bitarteko epea
Hirugarren deialdian, ‘Euskera adierazkorra lantzeko bide barriak’ gaia aukeratu dabe. Aurtengo Jakin jardunaldietan be gai berbera izan zan. Erronka modura planteatzen dabe. Lanak banaka edo taldean aurkeztu daitekez. Jakin.eus atarian dagoz oinarri guztiak. Urriaren 26ra bitartean aurkeztu daitekez proiektuak. Ainara Lasak, Ibai Iztuetak, Miren Amurizak eta Gorka Bereziartuak osotuko dabe epaimahaia. Honeek zemendiaren amaieran edo abenduan emongo dabe jakiten zein dan aukeratu daben proiektua. Irabazleak hamalau mila euroko laguntzea jasoko dau eta 18 hilabeteko epea izango dau egitasmoa gauzatzeko. Joan Mari Torrealdai, euskal kulturaren erreferente dala gogorarazi deusku Haritz Azurmendik.
Jul 21

Euskal Soziologia Kongresua egingo da datorren urtean. Aurreko astean, Espainiako Soziologia Federazinoarena egin zan Bilbon. ‘Erronkak, ebidentziak, erantzunak’ lelopean, Espainiako Soziologia alkartearen kongresua egin da hilaren 15etik 17ra bitartean. Lehenengoz egin da Bilbon . Gorka Moreno euskal soziologia alkarteko kideak gaur esan deuskunez, datorren urtean, Euskal Soziologia kongresua egingo da. Bagilean edo uztailean izango da baina momentuz data eta lekua zehazteko daukiez.
Adimen artifiziala, erronka nagusia
Espainiako Soziologia Federazinoaren hamaseigarren kongresua da Bilbon egin dana. Azpimarratzen danez, Euskadin egiten diran ekarpen zientifikoak erreferente dira Espainian eta nazinoartean. Euskal alkargoan dagozan soziologo askoren ekarpenak hartzen dira kontuan. Gogoratu daigun Teresa Laespada Bizkaiko enplegu, gizarte kohesino eta bardintasun saileko diputadua, Nerea Melgosa ongizate, gazteria eta erronka demografikoko sailburua eta Imanol Pradales lehendakaria bera be soziologoen komunidadeko kideak direla. Etxebizitzaren erronka, feminismoa edo klima aldaketaren eragina moduko gaiak aztertu dabez Bilbon egindako kongresuan. Gai edo ardura nagusienetarikoa adimen artifiziala izan da. Honen inguruan, araudi baten beharra nabarmendu da Bilbon egindako kongresuan.
Jul 20

Agirre lehendakaria eta bere belaunaldiaren ideien ganeko memoria aldarrikatu dau Iñagi Goiogana historialariak. 90 urte betetan dira aurten, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren lehenengo Jaurlaritza osotu zala. 1936. urteko urriaren 7an egin ziran hauteskundeak eta 32 urte eukazala izendatu eben Agirre lehendakari Gernikako Batzar Etxean. 20ko hamarkadan sartu zan Agirre politikagintzan. EAJko kide izan zan hasieratik. Primo de Riveraren diktaduraren ostean errepublikaren sasoian, Euskadirentzako autonomia estatutuaren aldeko saioetan be buru-belarri ibili zan. Burujabetza zan helburua.
Lehenengo Jaurlaritza
1936ko hauteskundeak irabazita, gerra zibila hasita, konzentrazinoko jaurlaritza osotu eban Agirrek. Ezaugarri bi izan ebazan orain 90 urteko jaurlaritzak. Alde batetik, alderdi asko batu ziran eta bestetik, gerrea egoan, horrek eragiten ebazan guztiakaz. Gerrea galdu egin zan eta Agirreren erbesteratzea ekarri eban. Erbestean be bere ardura nagusia, Euskal Herria nazinoartean ezagutarazotea izan zan. Parisen hil zan eta bere gorpua Donibane Lohitzunera eroan eben. Iñaki Goiogana historialariak ondo ikusten dau Bilboko aireportuari Jose Antonio Agirre izena jartzea. Gogoratu bestalde, datorren urtean, urriaren 7.a jaieguna izango dala, orain 90 urte sortu zan lehenengo jauarlaritza omentzeko. Goioganarentzat, Agirre Lehendakaria eta bere belaunaldiaren memoria euki beharko geunke.
Jul 16

Niko Cuenca ekonomilariaren esanetan, absentismoaren ganean arazoa egon badago. Zeresana eragin dauan gaia da honakoa, besteak beste, Alberto Nuñez Feijoo buruzagi popularrak minbizitzat jo ebalako. Niko Cuenca ekonomilariak azaldu deuskunez, kontuan euki behar da, bajan dagozan langileak eta baimen desbardinakaz lanera ez doazen langileak sartzen direla absentismoaren barruan. Bajan dagozan langileak ezin direla kriminalizatu azaldu deusku, baina bere esanetan, onartu behar da arazoa egon badagoala. Europa osoan zabaldu dan arazoa da absentismoarena. Krisi garaian, gitxiago ziran lanera faltetan zirenak, lanpostua galtzeko beldurrez. Pandemiak bestalde, eragin handia izan dau buruko osasunean eta gizartea gero eta zaharragoa be bada. Beraz, gaixorik dagozanen kopuruak be gorantz egin leike ondorioz. Arazo honek, besteak beste, produktibidadean eta inbersinoetan izan leike eragina Niko Cuencarentzat. Kontuan euki behar da, lantegi bat zabaltzeko kokalekua bilatzerakoan, besteak beste, absentismo maila eta lan gatazken maila hartzen direla kontuan.
Neurriak hartu beharra
Patronala, sindikatuak, gobernua eta alderdi politikoen artean neurtu beharko litzatekeen arazoa da absentismoarena Niko Cuencarentzat. Guztien artean hartu beharko litzatekez neurriak. Sindikatuen jarrerea ulertzekoa dala azaldu deusku eta eurak be badakitela arazoa egon badagoala.
Jul 14

Almerian gertatu dan moduko sutearen arriskua gurean be badago. BaskEgurretik azaldu deuskue, kudeaketa aktiboa behar dala holangoak saihesteko. Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariaren esanetan, prebentzinoan egin behar da lan handia baso-suteak ekiditeko. Kudeaketa aktiboa azpimarratu dau. Kudeaketa hori era jasangarriaren egitearen garrantzia gaineratu dau.
Zuzendaritza barria eta erronkak
BaskEgurrek, Euskadiko Egurraren Elkarteak, zuzendaritza barria dauka. Aurreko hilean izendatu eben Shaila Olmos presidente barria. Federico Saiz ordezkatuko dau Olmosek. Azken hau, hamalau urtez izan da BaskEgurreko presidente. Oskar Zaratek esan deuskunez, erronka bat baino gehiago dauka zuzendaritza barriak, tartean, egurraren sektorearen garrantzia aldarrikatzea eta kudeaketan hobetzea. Egurraren sektoreak garapen jasangarrian daukan garrantziaz be ohartarazten dabe. Honen adibide da, gero eta eraikin gehiago egiten direla material honegaz, babes ofizialeko etxebizitzak adibidez. Gauza barria dala emon arren, urteak daroez mota honetako etxeak eraikitzen, batez be, Europan.
115.000 hektareara heltzen da gaur egun basoen azalerea Euskadin. Baso-jabetzaren %75 esku pribaduetan dago Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban %25koa da portzentaia. Euren lana ezinbestekoa dala esan deusku Oskar Azkaratek. Egurraren sektorearen garrantziaz ohartarazteko, Egurraren herria, Bosque Country kanpaina ibiltaria be egin dabe. Legution amaitu zan aurreko astean. 9.000 lagun baino gehiagoren bisitea jaso dau kanpaina honek.
Jul 13

10 urte bete dauz EHUAlumni sareak. Atzo ospatu zan Bilboko Bizkaia Aretoan EHUAlumniren hamargarren urtebetetzea. Euskal Herriko Unibertsidadeko ikasle ohien sarea da honakoa. Belaunaldien arteko konexinoa balioan jarri eta sareak lan-munduan lehen urratsak emoten ari diranen garapen profesionalean laguntzen dau. Iñigo Lamarca da presidentea eta berak azaldu deusku, helburu bi daukazala egitasmo honek: EHU ezagutaraztea batetik, eta bestetik, sarea sortzea. Mentoretza programea, Enbaxadore izeneko programea, Trebakuntza Eskolea eta Cicerone programea eskaintzen dauz EHUAlumnik. Sarean egoteak abantail bat baino gehiago daukaz ikasleentzat. Mentoretzari jagokonez, 200 mentore eta 300 gazte baino gehiagok hartu dau parte hamar urtetan. Dana dala, ikasle askok oraindino ez dabe EHUAlumni ezagutzen. Aurrera begira, honakoa da daukien erronkarik nagusienetarikoa. Iñigo Lamarcak sarearen webgunean sartzeko gonbitea egin dau, argi eta garbi azaltzen dalako guztia bertan.
USaPeko polemikea
Unibertsidadera sartzeko frogatan, aurten, euskerazko azterketakaz gertatu dan guztia, bestalde, atsekabez bizi izan dauala esan deusku Iñigo Lamarcak. Euskerazko azterketetan ikusi dan maila baxua bestelako ikasgai batzuetan be badala azpimarratu dau, eta horrek unibertsidade eta batxillergoaren arteko talka bat erakusten dauala. Erantzukizuna guztiena dala dino Lamarcak eta ezin dala alarmarik piztu. Gertatutakoak unibertsidadeari eta euskereari egiten deutsen kaltea nabarmendu dau.
Jul 10

Gobernuz kanpoko erakundeen euskal koordinakundetik larritzat jo dabe erakundeek emoten dabezan diru-laguntzen ganeko legea ez betetea. 2025. urteko txostena aurkeztu dau euskal gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundeak. Igaz, 4 miloi pertsona baino gehiagori lagundu eutsen 69 herrialdetan, 949 lankidetza proiekturen bitartez. Gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundetik, Nerea Uriarte Goitia lehendakariak txostenaren balorazino positiboa egin dau. Bere esanetan, agerian geratu da euskal gizartearen alkartasuna.
Finantziazinoaz kezkatuta
Gobernuz kanpoko 83 erakunde dagoz gaur egun koordinakundean. Eurak egindako lanaren txostena, nahi daben guztien eskura dago wegunean. Espezializatutako erakundeak dagoz tartean, arlo guztietan lan egiten dabenak; hezkuntza, laguntza humanitarioa, emakumea… Euskal lankidetza eredua, erreferente bat dala ziurtatu dau Uriartek. 117.000 dira gobernuz kanpoko erakundeen laguntzaileak, 106.000 bazkide baino gehiago, 8.700 emole, 2.200 boluntario… Urtetik urtera ganera, kopuru honeek gorantz egiten dabe. Finantziazinoa da erakunde honeen ardurea. Nerea Uriartek esan deuskunez, orain urte bi onartu zan legea ez da betetan eta hori oso larria da eurentzat.
Jul 9

Adimen artifizialaren aroan, Pirineoetako hizkuntzen presentzia bermatzeko adierazpena sinatu da. Mugaz Gaindiko Bikaitasun Sarearen Adierazpena sinatu da, hain zuzen. Pirineoetako hizkuntzen presentzia bermatzea da sare honen helburua. Euskeraz gain, katalanera, aragoiera eta okzitaniera dagoz tartean. Ekimena, Linguatek-IA izeneko proiektuaren barruan sartzen da. Aitzol Astigarraga Orain NLP zentruko koordinatzaileak azaldu deuskunez, lankidetza proiektua da honakoa. Adimen artifizialaren aro global honetan, lankidetza ezinbestekoa dala azpimarratu dau Astigarragak.
Bikoizketa automatikorako plataformea
Adierazpena sinatzeaz gain, bikoizketa automatikorako plataformea be aurkeztu da. Pirineoen alde bietako hizkuntza gitxituen digitalizazinoa eta adimen artifizialaren garapena da helburua. Plataforma hau urte amaieran abian egotea aurreikusten dabe. Europan, ez da beste inon gertatzen, eremu gitxi baten hainbat hizkuntza gitxitu egotea. Katalanerari jagokonez, adimen artifizialaren etorrerea dala eta egoera onean dagoala esan daiteke. Ezin da gauza bera esan okzitanera edo aragoieraz. Euskereari jagokonez, Aitzol Astigarragak esan deusku, egoerea ez dala txarra baina hizkuntza hegemonikoen aurrean kezkagarria bai. Linguatek-IA proiektuaren barruan egiten ari diran lankidetza hau, beste eremu batzuentzako eredu dala azpimarratu dau Astigarragak.
Jul 8
Load more
